Logotipo Festival de Cine y Derechos Humanos

Giza Eskubideen VII. Zinemaldia.

Apirilaren 23tik 30era

Donostia hiri ireki eta berritzailea da, azken joera sozial eta artistikoei eta herritarren behar aldakorrei adi dagoena. Aniztasuna maite duen hiri solidarioa ere bada, eta sinesmen osoa du bere altxor preziatuenean: pertsonengan.

Nazioarteko zinemaldi nagusiek, beren azken urteotako programazioetan, giza eskubideekin loturiko gaien inguruko filmak sartu dituzte. Donostiak, Bakearen Kulturarako Gune eta hiri Hezitzailea den aldetik, duela sei urte Giza Eskubideen Zinemaldia sortu zuenean, “begirada kritiko” horri aurrea hartu zion.

Giza eskubideei loturiko gaiekin topo eginarazten digun Zinemaldi honek, 2009an VII. edizioari ekiten dion honetan, tinko eutsiko dio bere helburuari: bidegabekeriaren aurrean gure begiak ireki eta sufritzen dutenekin gure elkartasuna sendotzeari. Eta egin ere, zinemari hain lotua dagoen hirian hobekien dakigun moduan egingo du: irudiaren bidez, baina baita hitzaren eta beste arte batzuen bitartez ere, eta, beti, pertsonen bidez.

Giza Eskubideen Zinemaldia, urtez urte, zentzu guztietan hazten eta bere helburuak lortzen ari da, batez ere ardura handiz aukeratutako fikziozko film luzeei, dokumentalei eta film laburrei esker, baina baita horiekin batera antolatzen diren hitzaldi, erakusketa eta sentsibilizazioa xede duten hainbat ekitaldiri esker.

Hori guztia lortu ahal izateko, Zinemaldiak solidarioak diren herritarren gogo biziaren, Kanpo Arazoetako Ministerioko Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren (AECID) eta Europar Batzordearen laguntza irmoa du. Gainera, mundu osoan milioika pertsonari eragiten dien giza eskubideen urraketa errotik ateratzeko esfortzu bateratuan konpromisoa duten Espainiako Zinemaren Nanteseko Jaialdiaren, Giza Eskubideen Mexikar Akademiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren eta nazioartean ospea duten Gobernuz Kanpoko Erakundeen lankidetza ere azpimarratzekoa da.

ODON ELORZA GONZALEZ
Donostiako alkatea