Imanol Uribe
2026
Azken 50 urteetan euskal zinemak eman duen izen handietako bat da, ezinbesteko figura Espainiako demokraziaren historia kontatzeko. Trantsizioan, Euskadin egindako klasiko batzuen zuzendaria izan zen: El proceso de Burgos (1979), La fuga de Segovia (1981) eta La muerte de Mikel (1983) tartean. Film haiek zinema berri bati ateak ireki zizkioten, bere garaiko errealitateari atxikitako zinemari, eta aldaketa eta irekierako urte haietan gizartean gertatzen ari zena kontatzeko irrikaz zegoenari.
Zinemagile konprometitua izan da beti, gaurkotasuneko gai sozialei heldu izan diena: terrorismoa Días contadosen (1994), Donostiako Urrezko Maskorra eta 8 Goya sari irabazitakoa, film onena eta zuzendaritza onena barne, edo Lejos del maren (2015); immigrazioari eta arrazakeria Bwanan (1996), Urrezko Maskorra irabazitakoa; Gerra Zibila El viaje de Carolen (2002) eta diktadura frankista Miel de naranjasen (2012); eta, oraintsuago, El Salvadorren 1989an gertatutako sei jesuitaren hilketa, Llegaron de noche (2022) filmean.
Ibilia da abenturazko zineman —La carta esférica (2007)—, thrillerrean —Plenilunio (2000) eta La sospecha de Sofía (2025)—, zinema historikoan —El rey pasmado (1991), beste 8 Goya sariren irabazlea— eta beldurrezko zineman ere —La luna negra (1989)—, Pérez Reverte, Muñoz Molina eta Torrente Ballesterren nobelen moldaketekin.