Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

Aurkezpena

Donostiako Udalak eta Alkatetza honek konpromiso irmoa hartu dute, eta horretan dihardu, gure hiria askatasun eta elkartasun topaleku bilakatzeko, aniztasunak aberats gaitzan, hiritar guztiok batzen gaituen loturarik estuena bakea izan dadin.

Donostia Kulturak eta Gazteria, Hezkuntza, Lankidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolaturik, giza eskubide guztietan oinarritutako elkarbizitzarako marko bat eraiki nahian beti ere, “Donostia, Bake Kulturaren Gunea” programaren ekimenik garrantzitsuenetakoa da Giza Eskubideen Zinemaldia.

Donostiako V. Giza Eskubideen Zinemaldia martxoaren 16 eta 23 bitarte ospatuko da, Antzoki Zaharrean, baina baita, eta hain zuzen bilgune zinematografiko eta solidario honen garrantzia azpimarratzeko asmoz, Victoria Eugenia Antzoki inauguratu berrian ere.

Zinemaldiaren baitan, beste askoren artean honako gaiak jorratuko dira: haurren eskubideak, adiskidetzea, duintasunez hiltzeko eskubidea, nortasun sexuala, uraren eskuragarritasuna, diktadurak eta zapalkuntza, afrikar kontinentearen arazo ikaragarri larriak. Fikziozko filmak edo dokumentalak dira, maiz aurre-estreinaldiak, edo gure hirira nazioarteko zinemaldi ospetsuetan arrakasta lortu ondoren iritsiak.

Film luzeen Sekzio Ofizialaz gain, badago besterik, zinema eta giza eskubideak lotzen dituen begiradak perspektiba berriak zabaltzeko xedez. Afrikari eta Latinamerikari eskainitako espazioak eta Bigarren Aukera eta Zinemaren Klasikoak zikloak dira horren guzti horren adibide.

Zinemaldiaren barnean, ikastetxeetarako emanaldiak ere eskaintzen dira, haur eta gaztetxoak giza eskubideetan heztea ezinbesteko egitekotzat jotzen dugu eta. Izan ere, Donostia Hiri Hezitzailea da, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sarearen kide, hain zehatz.

Film Labur Onenari Gazteriaren Saria emateko epaimahaikide gisa parte hartzera bultzatuz, nazioarteko film laburren sekzioak bide ematen die gazteei Zinemaldian partehartze zabalagoa izan dezaten.

Beti bezala, giza eskubideen gaia hiriko espazio publiko batean ikusgai jarri nahi dugu. Zinemaldiak iraun bitartean, Alderdi Ederren “Milurtekoaren Ateak” aire libreko erakusketak NBEren “Milurtekoaren Kanpainaren 8 Helburuak” era argi eta erakargarrian erakutsiko ditu. “Tratu txarraren aztarna” erakusketak, aldiz, haurren aurkako tratu txarren gaia azaltzen du, gaitz hori pairatu duten haurrek egindako marrazkien bidez, azaldu ere.

Argazkigintza, musika… eta dantza, beste behin Verdini Dantza Taldearen eskutik etorri eta Argira ikuskizunaren aurre-estreinaldia aurkeztuko diguna. Eta, beti ere, hitza: emanaldien ondotik solasaldiari ekingo zaio, zuzendari, protagonista edo jorratutako gaien adituekin eta, jakina, bertaratutako publikoarekin.

Eskerrak eman behar dizkiegu Lankidetzako Estatu Idazkaritzari eta haren buru Leire Pajin andreari, Kanpo Arazoetako Ministerioaren baitako AECI Nazioarteko Lankidetzako Espainiar Agentziari bere babes ekonomikoagatik; Europar Batzordeari, Nantesko Espainiar Zinemaldiari, Giza Eskubideen Mexikar Akademiako Giza Eskubideen Zinemaldiari, bai eta ere GKE eta elkarteen laguntza gogotsuari; hauek guztiak gabe, Zinemaldia ez zatekeen posible izango.

Urterik urte handitzen ari dira Zinemaldiaren programazioa eta prestigioa; handitzen ahal da, zinema maite duen hiri gizatiar bateko publikoaren harrera beroari esker!

Lanean jarraitzea dugu helburu, Zinemaldi honen bitartez zineari estu lotutako hiria izateko ez ezik, Donostiak bakearen eta giza eskubideen aldeko konpromisoari ere euts diezaion.

ODON ELORZA GONZALEZ
Donostiako Alkatea