HAURREN ESKUBIDEAK
Ordena mundialaren gabeziak salatzen dituenik zerbait bada, hori haurrek pairatzen duten eskubideen urraketa masiboa da, planetako eskualde asko eta askotan pairatu ere. Nazioarteko komunitatearen egitekoetan ez dago, bada, hori baino premiazkoagorik: hots, ume guzti guztien eskubideen babesa, nonahi bizi direla ere.
Ez dago eztabaidatzerik ere haurrak direla gizateriaren ondasunik preziatuena. Sinesmen sendo hauxe da, hain zuzen, XX. mendeko lorpenik garrantzitsuenetakoa. Ez da harritzekoa, beraz, 1989ko Haurren Eskubideen Hitzarmena -1959ko Haurraren Eskubideen Aitorpena zabaldu egin zuena- giza eskubideen historian babes gehien lortu duena izatea: 192 herrialdek berretsi dute. Bi salbuespena bakarrak Estatu Batuak (sinatu bai baina berretsi gabe) eta Somalia dira.
Baina, oraingo kasu honetan ere, errealitatea oso urruti dago aitorpen eta protokoloetan azaldutako idealak betetzetik. Txirotasuna dela, esplotazioa dela, gerra dela, haurren eskubideen urraketa larriago agertzen zaigu begien bistan, ahulenen eta babesgabeen gaineko bortizkeria izateaz gain, sufrimenduak aldez aurretik ustelarazitako etorkizunaren jabe direlako haurrak.
Zenbakiak mintzo: 1989an Hitzarmena idatzi eta sinatu zenetik, gerrek haurrengan duten eragina, apaldu beharrean, areagotu egin da. Harrez geroztik bi milioi hil dira, alegia, gatazken biktimen erdiak! Beste sei milioi haur, ostera, larriki zauriturik edo bizi osorako herbal geratu dira. 300.000 baino gehiago behartuak izan dira armadetan edo talde matxinatuetan parte hartzera, borroketan armak eskuan dituztela ez ezik, espioitzan, minen detekzioan eta, areago, eraso suizidetan, Afrikan eta Asian batez ere. Neskak, maiz, sistematikoki bortxatuak izaten dira, edo tropa eta milizien esklabo sexual modura erabiltzen dituzte. Gatazka belikoek eragiten dituzten lekualdatuen erdiak ere, haurrak izaten dira.
Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioenez, 400 milioi haur lan egitera behartuak daude, lanaldi osoan edo partzialki. Horien artean, 250 milioik “esplotaziotzat” jotzen den baldintzapean lan egiten dute. Esplotazio hitzaren barne sartzen dira pornografia edo prostituzioa bezalako egoera nardagarriak, maiz herrialde aberatsetatik joandako turisten nahikeriak asetzera bideratuak. Gutxienez milioi bat neska-mutiko daude munduan sexu-merkatalgai bihurturik, Asian gehienak eta Latinamerikan eta Europan gainerakoak.
Hezkuntza indizeak ere ez dira gutxien-gutxienekora iristen haur pila ikaragarriarentzat. Lehen Hezkuntzako adinean dauden 128 milioi haurrek ez dute inolako eskolaratzerik. Horrek bizi osorako kondenatzen ditu txiro eta baztertuak izatera. Esan beharra dago analfabetismoa are handiago izaten dela nesken artean, bazterkeria bikoitza jasotzen baitute: batetik, neska izatearena berarena, eta bigarrenik -baina hain zuzen neskak direlako- etxeko lanak edo bestelakoak egitera behartuta egotearena.
Osasun arreta eskasa izaten da, edo ia batere ez da; oro har, gehienetan osasun egoera oso kaxkarretan gertatzen da, eta horrek hondamendiak egiten ahal ditu haurren artean. Munduan 500.000 haur hiltzen dira urtero, oinarrizko higiene baldintzarik ere ez dutelako. Toki askotan, gainera, txertoak edo botikak eskuratzea utopia hutsa da.
GIB/HIES-aren sarraskiak erabateko kalapitak sorrarazten ari dira, Saharaz hegoko Afrikan bereziki, non milioika haur, gaixotasun berberagatik gurasoak galdu ondoren, hil egiten baitira, ia-ia inoiz tratamendu egokirik jaso gabe, hain zaie txirotuei botika, garesti baino, eskuraezin.
Txirotasuna, gerrak eta gaixotasunak, hiruak ala hiruak miseriaren sorgin-gurpilean elkar loturik, dira munduko haur asko eta asko gutxieneko bizi eta garapen mailetatik bazterturik geratzearen errudun nagusiak, sufrimenduaren eta frankotan heriotzaren eragileak.
Haurren eskubideen urraketa larri hauen aurrean, 2005eko irailean ospatutako mundu gailurrean erabaki Milurtekoaren Garapen Helburuen konpromisoa, ezinbestekoa izanik ere, hasi orduko eskas geratu da. Hain zehatz, hauexek dira 2015erako bete beharreko helburuak: lehen irakaskuntza unibertsala, bost urtetik beherako umeen hilkortasuna bi herenetan murriztea eta generoen arteko berdintasuna bultzatzea. Helburu horiek betetzearren ahaleginak eta bi egiteaz gain, nazioarteko komunitateak, herrialde aberatsek batik bat, garapen politika handinahiagoak ezarri behar lituzkete, haur guztien eskubideak bermatzea lehenetsi beharreko egitekotzat hartu eta bitarteko gehiago eskaini behar lukete.