Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

Aurkezpena

Zinemazaletasunak eta Bakearen Kultura ardatz duen lanak egin dute Donostia ezagun. Berez eta ezinbestean etorri zaio, bada, hauei biei hirugarren nortasun-ezaugarri nagusia, giza eskubideen defentsa eta aldarrikapena, gehitzea eta aurrekoekin bat egitea. Eta horrela sortu da Giza Eskubideen Zinemaldia, Donostiako Udalaren eta Alkatetzaren konpromiso irmoaz sortu eta urterik urte aurrera joanez aurten seigarren edizioa hiriko topaketa zinematografikorik behinenetako bat bilakaturik burutuko duena.

Jasotzen duen babes sendoaren erakusgarri, hona aurtengo berria: Donostia Kulturak eta Gazteria eta Giza Eskubideen Atalak antolatutako Zinemaldia egoitza enblematiko batera lekualdatzea: Victoria Eugenia Antzokira.

Apirilaren 18 eta 25 bitarte, Giza Eskubideen Zinemaldia herritar solidarioen topaleku eta eztabaida gune bihurtuko da. Egunotan, donostiarrek eta hirira hurbilduko zaizkigun guztiek eraikiko dute elkarrizketarako eta elkarri ikas-irakasteko esparru bat, mundu osoan milioika laguni eragiten dizkieten giza eskubideen urraketak salatzeko eta sentiberatasuna areagotzeko baliagarri izango zaiena.

Genero-berdintasunetik terrorismora, tartean ingurunea, haurren esplotazioa, gizakien trafikoa edo hizkuntza gutxituen egoera… Zinemaldiak errealitateok hobeto ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei, kausen eta irtenbideen gainean kontzientzia kritikoa areago dezaten.

Beste edizioetan bezala, gai hauek guztiak jorratu ahal izango dira film eta dokumentalen maila handiko hautaketa bati esker. Film asko nazioarteko zinemaldi sonatuetan sariak eta aipamenak jaso eta aurre-estreinaldi gisa aurkezten dira.

Film laburrek ere primerako tokia daukate Zinemaldian. Zenbait herrialdetatik iritsitako lanek “Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan” lehiatzen dute, 18 eta 25 urte arteko gazteek osatutako epaimahaiak ematen duen saria eskuratzeko prest.

Herritarren sektore desberdinei leku emateko borondateak badu isla programazio zinematografikoaz besteko aktibitate aukera zabalean. Solasaldiak, musika, antzerkia, eskolaumeentzako emanaldiak eta dantza ikuskizunak -esaterako, Verdini Dantza Taldearena-… Zinemaldiak beti izan duen bestelako adierazpen artistikoak ahalegin bakar batean biltzeko asmo eta nahiaren erakusgarri.

Behin eta berriro, eta pozarren, eskerrik zintzoenak ematen dizkiogu Estatuko Lankidetzako Idazkaritzari, Kanpo Arazoetako Ministerioaren baitan dagoen AECID Nazioarteko Lankidetza eta Garapenaren Espainiako Agentziak eskainitako babes ekonomikoagatik. Bai eta Europako Batzordeari, Nantesko Espainiar Zinemaldiari, Giza Eskubideen Mexikoko Akademiako Giza Eskubideen Zinemaldiari eta laguntza beroenaz Zinemaldia ahalbidetzen duten elkarte eta GGKE guztiei ere.

Haiei guztiei eta hiritar solidarioen babes fidelari esker, Giza Eskubideen Zinemaldia urterik urte handitzen ari da, bai programazioan bai ospean. Haien laguntza dugu kitzikagarri, pertsona guztientzat giza eskubideen eta Bake Kulturaren alde lanean jarrai dezagun.

ODON ELORZA GONZALEZ
Donostiako Alkatea