GENERO NORTASUNAREN ESKUBIDEA
Espainian bertan, badaude 10.000 pertsona transexual baino gehiago. Transexual hitzez ezagutzen da genero nortasuna, nork beretzat duena, eta sexu biologikoa (hortaz, nortasun juridiko eta soziala) bat ez datozkion pertsona. Alegia, emakume transexuala anatomia maskulinoz jaiotakoa da; gizon transexuala, bada, emakume gorputzez jaiotakoa.
Bizimoduaren atal guztietaraino iristen den dibergentzia honi konponbidea ematea lehenesten dute pertsona transexualek, beste ezeren gainetik. Helburua lortzeko bidea, berriz, luzea ez ezik oztopo legal, ekonomiko eta sozialez betea izaten da.
Laneko bazterketatik kanporaketa sozialeraino, transexualek funtsezko eskubide batzuen urraketa pairatzen dute; denetan okerrena da, ordea, genero nortasunaren eskubideari dagokiona. Oso herrialde gutxitan ez bada (Erresuma Batua, Frantzia, Suedia, Italia, Danimarka, Turkia, Holanda, Belgika, eta Espainia berrikitan), pertsona transexualek ez dute aldatzerik izaten, administrazio bide arruntez behintzat, Errolda Zibilean adierazitako sexua eta izena.
Pertsona transexualek hori eta gehiago ere eskatzen dute: sexu aldaketaren tratamendu klinikoa, arrunt garesti dena, osasun publikoak har egin dezala bere gain. Bertan sartuko lirateke, Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatuko Federakuntzaren hitzetan, “diagnostikorako arreta psikoterapeutikoa eta babes pertsonala transexualari, tratamendu hormonala aldiro kontrol endokrinologikoak eginez, eta behar besteko esku-hartze kirurgikoak, sexu genitala aldatzekoa barne”.
Era berean, intolerantzia eta ezjakintasunagatik pertsona transexualek pairatu behar izan eta oraindik izaten duten bazterketa laborala eta soziala behin betiko ezabatzearren, heziketan eta sentiberatasuna areagotzeko lanetan administrazio publikoek eta eragile sozialek ahalegin handiak egin beharko dituzte.