© Box Productions - Pierre Daendliker

XX. mendearen lehen erdian, Europako landa-komunitate txiki askok arau zorrotzak zituzten, eguneroko bizitza baldintzatzen zutenak, batez ere emakumeenak. Testuinguru horretan, tokiko elizek inposatu egiten zuten sozialki eta moralki onargarria zena, besteak beste, Suitzako Eliza Erreformatuaren kasuan, suitzar kantoietan. Haien herentzia zwingliar eta kalbinistak bultzatutako antolamendu sozialak askatasunik gabe uzten zituen emakumeak, gizonek emandako agindu moralen eta politikoen mende jarrita. Arretaz begiratzen ziren haien sexu-jokabideak, janzkera eta ohiturak; mandatu zorrotzak ezartzen zitzaizkien, esaterako, ezkontzarena eta derrigorrezko amatasunarena, eta haien ugalketa-eskubideak kontrolatzen ziren.

Hala ere, emakume haiek eta beste askok ez zioten utzi matxinatzeari eta erabakitzeko zuten eskubidea aldarrikatzeari. Ez lehen eta ez orain. Abortatzeko eskubidearen aldeko borrokak aurrerapauso handiak eman ditu historikoki munduko hainbat herrialdetako legedietan; azkena 2024an, Frantziak erabaki zuenean abortatzeko eskubidea ezartzea bere Konstituzioan bermatutako askatasun gisa.

Aitzitik, 2022an, AEBko Gorte Gorenak eskubide horri Konstituzio federalaren babesa kentzea ebatzi zuen. Eta Argentinan, Txilen edo Errusian atzerapauso handiak ematen ari dira, sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuetarako sarbidea murriztean. Beste herrialde batzuetan, esaterako Polonian, Marokon eta Andorran, oso kasu mugatuetan baino ezin da abortatu, eta kartzela-zigorrak ezartzen zaizkie emakumeei eta laguntzen dietenei.

Espainiako Estatuan, duela aste batzuk Gobernuak iragarri zuen Frantziako ereduari jarraitzeko eta abortatzeko eskubidea Konstituzioan blindatzeko asmoa zuela.