2005ean, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak printzipio multzo bat onetsi zuen inpunitatearen aurkako borrokaren bidez giza eskubideak babesteko, zigorrik ez ezartzea Estatuak urraketak ikertzeko eta hauen egileekiko neurriak hartzeko duen betebeharra ez betetzea dela ulertuta.

Nazioarteko zuzenbidearen esparru hori erreferentziatzat hartuta, Euskadik 12/2016 Legea dauka, uztailaren 28koa, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa.

Lege horrek Balorazio Batzorde bat sortu zuen, eta aurkeztu dituen bost txostenetan 238 biktima (1978-1999 denbora-tartean) berretsi ditu. Txostenetako batean (2024) zehazten du 9 biktimak tiroak jaso zituztela Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako edo talde parapolizialetako kideen aldetik, eta haietatik 6ri heriotza eragin zietela. Lucía Urigoitia 1987an hil zen, distantzia laburreko tiro baten ondorioz, Guardia Zibilarekin izandako ustezko liskar batean.

Inpunitatearen aurkako borrokaren funtsezko hiru alderdiak egia, justizia eta erreparazioa dira. Egia jakiteko eskubideari dagokionez, dimentsio indibidualean, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak azpimarratu du giza eskubideen ageriko urraketen biktimek eta haien senideek duten eskubidea aitortu behar dela, hau da, egileen identitatea, kausak eta inguruabarrak ezagutu behar direla.

Baina egia jakiteko eskubideak ere badu dimentsio kolektibo bat (memoria kolektiboa), inpunitateari aurre egiteko betebeharrari buruzko adostasunetik soilik eraiki daitekeena.