2018ko maiatzaren 17ko goizaldean, Belgikan, pertsonen trafikorako sare batek erabilitako kamioneta batek hogeita hamar bat migratzaile zeramatzan, Iraketik eta Siriatik etorriak, Belgikako poliziak geldiarazi zuenean. Jazarpenean, agente batek ibilgailuari tiro egin eta bala batek bere familiarekin batera zihoan bi urteko neska kurdu bat jo zuen, haren heriotza eraginez. Mawda Shawri zuen izena. 2021ean, auzitegi batek erruduntzat jo zuen polizia, nahi gabeko hilketagatik. Auziak polemika handia piztu zuen migrazioak kontrolatzeko operazioetan poliziak armak erabiltzearen inguruan.

Europako beste leku batzuetan ere dokumentatu dira migrazioak kontrolatzeko operazioei lotutako gertaera hilgarriak. Bulgarian, adibidez, mugazain batek migratzaile afganiar bat hil zuen 2015ean, Turkiako mugatik gertu jazarria izan ondoren. Evro ibaiaren mugan, Grezia eta Turkia artean, Amnesty Internationalek eta Human Rights Watchek, besteak beste, azken urteotan tiroak eta indarraren erabilera salatu dituzte muga zeharkatzen saiatzen ari ziren pertsonen aurka. Berriki, 2025ean, ezkutuan pertsonak zeramatzan furgoneta bati egindako jazarpen polizial baten ondorioz, sei migratzaile hil ziren.

Espainiar estatuan, gertaera ezagunenetako bat Tarajaleko tragedia izan zen, Ceutan, 2014ko otsailean. Gutxienez 15 pertsona hil ziren kostaldera iristen saiatzen ari zirela, gurutzatzea eragozteko Guardia Zibileko agenteak istiluen kontrako materialaz baliatu bitartean. Auziak eztabaida bizia —oraindik bizirik dirauena─ piztu zuen Europako mugetako kontroletan indarra erabiltzearen inguruan.