Filma: Black Water

Bangladesh ahulen dagoen herrialdeetako bat da klima-aldaketaren eraginaren aurrean. Ganges, Brahmaputra eta Meghna ibaien deltan dago kokatuta, eta bere lurraldearen zati handi bat alubioi-lautada da, uholdeen, itsas mailaren igoeraren eta zikloien eraginpean dagoena. Horien artean, Remal zikloiak 2024ko maiatzean 800.000 pertsona ebakuatzera behartu zuen, eta zeharo suntsituta utzi zituen arrantzari eta nekazaritzari lotutako bizibideak.

Egoera horrek behartu egin zuen jende asko hirietara lekualdatzera. Han, emakume ugarik, beren familiei diruz laguntzeko, herrialdean dauden ehungintzako 4.000 fabriketan esplotazio-baldintzetan lan egitera behartuta ikusi zuten beren burua.

Emakume horiek injustizia klimatikoaren aurpegiak dira gaur egun. Esamoldeak berak adierazten du ekonomia industrializatuek sortzen dituztela C02ren emisio metatu gehienak, eta Bangladesh bezalako herrialdeak direla neurrigabeko kontsumoaren eta industriako produkzio intentsiboaren ondorio larrienei aurre egiten dietenak.

Injustizia klimatiko horren aurrean, bangladeshtar gazteak herritarren protestetan mobilizatzen ari dira. Berotze globala mendebaldeko kapitalismo harrapariaren emaitza dela salatzen dute, eta horrek herrialde pobretuenetara kanporatzen dituela ingurumenean ondorioz dakartzan kostuak.

Munduko Bankuaren arabera, 2050erako, Bangladeshen, 13 milioi pertsona desplazatu beharko lirateke barrualdean arrazoi klimatikoengatik. Zifra 200 milioikoa da planeta osoa kontuan hartuz gero. 1951ko Genevako Konbentzioak errefuxiatua nor den definitzen du, baina oraindik ez du “ingurumen-errefuxiatuaren” figura aitortu.