Filma: Palestine 36

XVI. mendetik Lehen Mundu Gerra amaitu arte, Palestina Otomandar Inperioarena izan zen. Gerra hartan, potentzia aliatuek arabiarren babesa bilatu zuten turkiarrak garaitzeko, Palestinaren kasuan inoiz gauzatu ez ziren independentzia-promesen truke. Aldi berean, Frantziak eta Britainia Handiak Sykes-Picot akordio sekretua sinatu zuten, gerra amaitzean Ekialde Ertaineko otomandar lurraldeak potentzia garaileen artean banatzea aurreikusten zuena.

Horrela, 1922an, Nazioen Elkarteak, NBEren aitzindariak, Palestinaren gaineko Britainiar Mandatua ezarri zuen ofizialki. Hura betez, lurraldea Britainia Handiak administratuko zuen, 1917ko Balfour Deklarazioan jasotako terminoak gehituta; deklarazioak Palestinan “herri juduarentzako etxe nazional” bat sortzea babesten zuen.

Hala, Europatik etorritako pertsona juduen immigrazio masiboa ekarri zuen, eta hamarkada batean Palestinako biztanleriaren % 20 izatera iritsi ziren.

1936an, kolonizazio bikoitzeko testuinguru horretan, eta arabiar biztanleriaren gero eta itomen handiagoaren aurrean, buruzagi palestinarrek greba orokor bat deitu zuten. Lurrak eskuratzeko debekua, gobernu nazional palestinarra eratzea eta immigrazio judua amaitzea eskatzen zuten. Horrela hasi zen Arabiar Matxinada Handia (1936-1939), bortizki erreprimitua izan zena eta hainbat krisi sortu zituena. Azkenik, 1946an, britainiarrek Nazio Batuen Erakunde sortu berriaren esku utzi zuten gatazkaren kontrola. 1947an, NBEk Palestina arabiarren eta juduen artean banatzea onartu zuen.

1948an komunitate juduak aldebakarrez aldarrikatu zuen bere independentzia eta horrela eratu zuen Israelgo Estatua.