© Maneki Films & Henia Production

Diskurtso politiko populista jakin batzuek Europara iristen diren errefuxiatuen “oldeaz” hitz egiten dute; ez dago halakorik, ordea. Munduan, gerragatik, jazarpenagatik edo indarkeriagatik beren etxea uztera behartutako 123 milioi pertsonatik, gehienak ez dira hona iristen: % 73 gutxi gorabehera inguruko herrialdeetan edo errenta baxuko estatuetan geratzen dira, GKE askok Hegoalde globala deitutakoan.

Boli Kostatik, Malitik eta mendebaldeko Afrikako beste herrialde batzuetatik ihes egin eta Tunisian ezartzen diren errefuxiatu askoren kasua da (ACNURen arabera, 2024an 16.000 baino gehiago erregistratu dira). Izan ere, Tunisia migrazioari eusteko Europako estrategiaren funtsezko pieza bihurtu da. 2023an EBk eta Tunisiako Gobernuak sinatutako akordioak mugen kontrola gogortzera eraman zuen, laguntza ekonomiko handien truke. Horren ondorioz, Saharaz hegoaldeko herritarren aurkako errepresio, eraso arrazista eta giza eskubideen urraketa gehiago gertatu ziren.

Testuinguru horretan, emakume migratzaile eta errefuxiatuek, Tunisian eta desplazatu diren gainerako herrialdeetan, indarkeria gehigarria jasaten dute emakume izateagatik, prekarietatearen, lan-esplotazioaren edo sexu-erasoen biktima bihurtzeraino. Horren aurrean, haien erantzuna behetik sortzen da: laguntza-sare informalak, etxebizitza partekatuak eta haien artean antolatutako elkarteak.

Euskadin ere, sororitate horrek babesleku gisa funtzionatzen du. Emakunderen Emakume elkarteen gidaren arabera, gaur egun ehun elkarte baino gehiago daude lurraldean emakume migratuek bultzatuta, eta espazio horietan erresistentzia-modu bat da elkarri laguntzea.