Filma: Made in EU

XX. mendearen erdialdera arte, ehungintzako industria, munduko ekonomiaren motorretako bat, ipar globaleko herrialde aberatsetan zegoen. Bigarren Mundu Gerratik aurrera, industria hori herrialde periferikoetarantz deslokalizatzen hasi zen, garraioa merketu izanaren eta komunikazioaren teknologia berriak garatu izanaren ondorioz. Helburua: fabrikazio-kostu txikiagoetatik probetxua ateratzea. Bereziki, Asian, Erdialdeko Amerikan eta, Berlingo Harresia erori ondoren, Ekialdeko Europan, non askoz permisiboagoak ziren eta diren lanaren eta ingurumenaren arloko legeriak.

Izan ere, erosten dugun arropa, marka ezagunek sinatua —horietako batzuk espainiarrak— hemendik kilometro askotara egiten da, giza eskubideak urratzen dituzten lan-baldintzetan. Hornidura-kate luzeek, erregulaziorik ezak eta azpikontratazio masiboak bide ematen die urraketa horiei.

Made in European Union markaren atzean, adibidez, ekialdeko eta hegoaldeko Europan kokatutako ehunka “maquila” ezkutatzen da, non eskulan kualifikatua eta esperientziaduna erabiltzen den soldata miserableen truke. EBn bakarrik, ehungintzaren sektoreak 1,3 milioi pertsona inguru enplegatzen ditu, eta horietatik ia % 80 emakumeak dira, ezin konta ahala indarkeria jasaten dituztenak: miseriazko soldatak, gaixotasun edo amatasunagatiko bajarik eza, asteko lanaldi ezinezkoak eta indarkeria fisikoa eta sexuala.

Euskadin, Eustaten arabera, pertsona bakoitzeko jantzien batez besteko gastua 614 € ingurukoa da urtean, hau da, pertsonako 20 kg inguru arropa eta 15 kg inguru hondakin: produkzio-kate global horien parte diren kontsumoa eta ingurumen-inpaktua.