Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

POBREZIA

Munduko biztanleen erdiak baino gehiago txiro bizi dira, batez ere nekazal giroan eta batez ere emakumeen artean. Hain zuzen ere, txirotasuna eta gosea ezabatzea da 2000n Nazio Batuen Erakundeak 2015erako ezarritako Milurtekoko Garapenerako Zortzi Helburuetan lehena. 

Txirotasunak bizi baldintzen narriatzea dakar, elikaduran, hezkuntzan, osasun arretan, edateko uraren eskuragarritasunean eta abarretan. Ikaragarrizko bidegabekeria gertatzen da baliabideen banaketan: planetako biztanleen %10a ondasunen %70az baliatzen da.

1990 eta 2004 artean muturreko txirotasuna %21ean murriztu zen, Munduko Bankuak plazaratutako Munduko Garapenaren Indikatzaileak 2007 txostenean jakinarazten zenez. Azterketak bi arrazoiri leporatzen die txirotasunaren murriztea: batetik, per capita BPGd edo Barne Produktu Gordinaren batezbesteko gorakada “dezentekoari”, 2000z geroztik batez beste % 3,9an hazi baita; bestetik, Txinan urte beretan miseriaren murrizketa masiboari.

Aurrerapenak aurrerapen, ia 1.000 milioi lagunek, alegia, seietatik batek, bizimodu egin behar izaten du egunean dolar baten ordaina baino gutxiagokoarekin. Horrez gain, txirotutako munduko biztanleen ia erdiek eguneko bi dolar besterik ez du eskuratzen ahal.

2005ean munduko gastu militarra 900.000 milioi dolarrekoa izan zen. FAO, Nazio Batuen Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea, ostera, ez da gai izaten gosea pairatzen duten pertsonen kopurua erdira murrizteko behar lituzkeen 24.000 milioi dolarrak eskuratzeko eta, beraz, Milurtekoko Helburu nagusia betetzeko.

Urtero 11 milioi haur (5 urtez azpikoak gehienak) hiltzen dira. Hauetatik, 6 milioi baino gehiago hiltzen dira erraz prebeni edo senda litezkeen gaixotasunengatik, hala nola paludismo, beherako edo pneumoniarengatik. Saharaz hegoko Afrikan 1990az geroztik bizitzeko itxaropenaren batezbestekoa 49 urtekotik 47kora jaitsi da, haurren hilkortasun tasa handiarengatik eta HIESarengatik. Malawin, adibidez, bost lagunetik bat GIBak jota dago.

Herrialde aberatsei “kanpo zorraren” izenean ordaintzen dieten dirutzak galarazten die txirotutako herrialdeei txirotasuna ezabatzeko baliabideak lortuko lituzketen inbertsioak egin ditzaten. NBEren kalkuluen arabera, “kanpo zorraren” gastuen laurdena aski liteke oinarrizko hezkuntza, osasun egitura, elikadura egokia eta edateko ura gizaki guztienganaino helarazteko.

70eko urteetan herrialde aberatsek, txirotasuna murrizteko neurri bideragarria zelako, aberastasun nazionalaren %0,7a Garapenerako Laguntza Ofizialera bideratzeko konpromisoa hartu zuten. Laguntza ekonomiko hari esker, milioika ume eskolatu dira Tanzania, Kenya, Zambian, eta Ugandan osasun arreta bikoiztu egin da. Hala eta guztiz, GLOa, gaur egun, mundu osoa kontuan hartuta, %0,25ean da. Ia lau hamarkada iragan arren, ez da sekula adostutako 0,7ra iritsi. 1990ean %0,3ra iritsi zen, baina harrez geroztik ez da inoiz gainditu.

Zenbait datu biziki deigarri dira: lehen hezkuntza unibertsala 10.000 milioi dolarreko gastua da urtean, Estatu Batuetako biztanleek izozkietan gastatzen dutena baino gutxiago. Ugalketarako osasun sistema (emakumeak artatzea, erditzeko tenorean) 12.000 milioi dolarrekoa da urtean, Europan eta Estatu Batuetan lurrinetan gastatzen dena bezainbeste. 

NBEn ordezkaritza duten 189 herrialdek Milurtekoko Helburuak betetzeko 2000n ezarritako 2015 dataren ekuatorera iritsita, begien bistakoak dira ekonomian eta politikan indar gehien duten herrialdeek erakutsitako borondate eza eta egindako ahaleginaren eskasa, inondik inora Milurtekoko Adierazpenean aldarrikatuarekin bat ez datozenak.

Hortaz, egoera alderantzikatu ezean, Saharaz hegoko Afrikan muturreko txirotasunean bizi direnei beste 247 milioi lagun batuko zaizkie. 45 milioi ume hilko dira hilgarri behar ez luketen gaixotasunek jota. Tuberkulosiz 36 milioi lagun hilko dira; 74 milioi, HIESak jota, eta erditzean milaka emakume hilko dira. 97 milioi adingabekok eskolatu gabe jarraituko dute, horietarik neskak 57 milioi izango dira. Bestela esanda: herrialde aberatsenek txirotutakoen bizkar jarraitzen dute okitzen.

Giza Eskubideen Aldarrikapena
http://www.unhchr.ch/udhr/lang/bsq.htm

Euskadiko GGKEen Koordinakundea
http://www.ongdeuskadi.org/principal_e.asp

Plataforma Pobreza Cero
www.pobrezacero.org

Organización de Naciones Unidas para la Agricultura y la Alimentación
www.fao.org/index_es.htm

Informe: Pobreza infantil en países ricos 2005
www.unicef.es/contenidos/276/REPORT6-E-2005.pdf

Fondo de Naciones Unidas para la Infancia
www.unicef.es