Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

XENOFOBIA

Xenofobia “arrotzaren” aurrean agertutako uzkurdura eta ukazioa da, “arrotza” talde etniko desberdinak direla, edo bestelako kultura, erlijio edo hizkuntza dituzten pertsonak direla. Desberdintasunak direla eta, xenofobiak talde etniko desberdin omen direnen artean erabateko bereizketa derrigorrezkoa du xede, praktikatzen duenaren “nortasun berezia” ez galtzeko ustezko argudioaz. Kulturen segregazioa aldarrikatu arren, kanpotar eta etorkinen kolektiboak soziokulturalki txertatzen diren heinean onar ditzakeelako, arrazakeriaz bereizten da.

Ezaugarri desberdinak dituzten herriekin izandako lehen topaketaz geroztik erabiltzen da “arraza” hitza Mendebaldeko kulturan. Harrez geroztik, eta XX. mendearen bigarren erdialdera arte, “arrazen” artean hierarkiak ezartzen ziren, larruazalaren edo ilearen kolorea edo egitura fisikoa bezalako ezaugarrietan oinarrituta.

 

Alemanian 1920 inguruan sortutako nazionalsozialismo edo nazismoa Europako mugimendu arrazista nagusienetakoa izan da. Ideologia hark arraza arioaren eta, oro har, arraza europar zuriaren nagusigoa jakintzat ematen zuen. Gizaki (eta bereziki gizon) arioa sortzaile eta gerlaritzat dauka. Horren ondorioz, giza espeziaren garaipen eta aurrerapen guztiak hari egozten dizkio; porrotak eta “gainbeherak”, ordea, arrazen nahasketen zuzeneko ondoriotzat ditu.

 

Arioaren antitesia juduengan gorpuztu zuen nazismoak, eta primerako aitzakia aurkitu zuen, bada, komunitate harexeri egozteko Lehen Mundu Gerra osteko egoera ekonomiko larriak eragindako zaputz guztiak.

 

XIX. mendearen bukaeran sortu zen Estatu Batuetan Ku Klux Klan erakundea, gerora Alemania nazia babestuko zuena, biek ala biek aldarri baitzituzten arraza zuriaren nagusiagoa, bai eta antisemitismoa, arrazakeria, antikatolizismoa, antikomunismoa eta abarrak ere. XX. mende hasieran lauzpabost milioi kide izatera iritsi zen. Ku Klux Klan-ek oraindik irauten du, baina “muturreko gorroto” izenez ezagun diren eta banaka diharduten talde bakartuetan.

 

Adolf Hitler-en nazionalsozialismo edo nazismoaren ideia arrazista, antisemita eta nazionalistak babesten jarraitzen duten taldeentzat “neonazi” hitza erabiltzen da gaur egun. Herrialde askotan, egungo Alemanian ere, legediak delitutzat du nazismoa. Hala eta guztiz, alemaniar aginteek sumatu dute gero eta antolatuago daudela eskuin muturreko taldeak, eta haien kideen artean 10.000 lagun baino gehiago “potentzialki bortitzak” izan daitezkeela uste dute.

 

Eskuin muturreko taldeak ez dira Alemaniara mugatzen. 2006. urtea Europar Batasunean talde antolatuek gauzatutako indarkeria xenofoboaren leherketarena izan zela dio SOS Arrazakeriak. Europar Batasunak eta Europan Segurtasun eta Lankidetzarako Organizazioak ere salatu dute europar herrialdeetan ekintza arrazistak ugaldu direla. Errusian, ultra taldeek atzerritar jatorriko 40 lagun hil eta 300 zauritu dituzte, bertako GKEek diotenez. Iturri beren arabera, Moskun eta San Petersburgon organizazio naziek 50.000 inguru ekintzaile dituzte. Iritzi inkestek jakinarazi zutenez, Frantzian, 2006an 12.000 kide gehiago zituela zioen Jean-Marie Le Penen Fronte Nazionalaren programa politiko xenofoboarekin ados leudeke herritarren laurdenak.

 

Estatuari dagokionez, Intolerantziaren Aurkako Mugimenduak urtean 4.000 eraso xenofobo inguru gertatzen direla kalkulatzen du, 200 udalerri baino gehiagotan. Madril, Katalunia eta Valentziako komunitateetan eta Zaragoza hirian jaso dira eraso neonazi gehienak 2007an.

 

Bereziki kezkagarria da eduki xenofobo eta arrazistako webguneen ugaria. Sarea oso baliabide eskuragarria denez, zabaltzeko potentziala benetan arriskutsua da. Azken urtean nabarmen handitu da haien presentzia, eta dagoeneko eduki arrazistako 100 webgune baino gehiago eta eite faxistako 70 musika talde klasifikatu dira Estatuan.

 

Ideologia ultra duten pertsonen kopuruari dagokionez, 2006 urtearen hasieran Polizia Nazionalak emandako datuen arabera, kopurua handitu da aurreko urteen aldean, eta orain 11.000 eta 15.000 bitarte izango ziren eskuin muturreko (ultra eta neonazi) hainbat taldetan banaturik parte hartzen duten gazteak.

 

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 2. artikuluak dioenez “Gizaki orori dagozkio honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”. Errealitateak, ordea, bazterketa eta kanporatzeen adibide ugari eskaintzen digu, testuak adierazitakoa inondik inora ez dela errespetatzen erakusgarri. Eraso, jazarpen eta adierazpen xenofoboek argi eta garbi azaltzen dute fenomenoa oso zabaldua dela eta handitzen ari dela.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapena
http://www.unhchr.ch/udhr/lang/bsq.htm

Euskadiko GGKEen Koordinakundea
http://www.ongdeuskadi.org/principal_e.asp

Movimiento Contra la Intolerancia
http://www.movimientocontralaintolerancia.com/

Informe RAXEN – Crímenes de odio en España
http://www.movimientocontralaintolerancia.com/html/Admin/verNoticia.asp?cod=1260&esBusq=True

SOS RACISMO
http://www.sosracismo.org/

Centro de Estudios y Documentación – SOS ARRAZAKERIA
http://www.mugak.eu/gunea/

Informe Anual de SOS RACISMO
http://www.sosracismomadrid.es/informe-anual.html

Sobre Racismo y Xenofobia
http://www.sodepaz.org/construyendolapaz/Construyendo%20la%20paz/Racismo%20y%20Xenofobia.html

Amnistía Internacional
http://www.es.amnesty.org/

Amnesty: inmigración, racismo, xenofobia
http://www.es.amnesty.org/paises/espana/inmigracion-racismo-xenofobia/

Observatorio Español del Racismo y la Xenofobia
http://www.tt.mtas.es/periodico/inmigracion/200603/observatorio.pdf