Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Afrika eta talentuen ihesa

Afrika eta talentuen ihesa

Ideiak dituzten gizonak (eta emakumeak), Afrikako benetako senatari direnak, etxera itzultzen ez diren arte, Afrikaren berpizkundea eta pobreziaren aurkako borroka lema hutsalak besterik ez dira izango. (Philip Emeagwali, Gordon Bell sariduna)

Azken urteotan gero eta latzagoak dira Afrikako kontinenteko bizi-baldintzak eta egoera horren ondorioz gero eta gehiago dira euren herrialdea atzean uzteko prest daudenak, euren senideentzat etorkizun hobeagoa aurkitzeko esperantzaz. Hala, milioika gazte emigratzera bultzatzen dituen faktorea hauxe da, euren herrialdean duten bizi-proiektua aurrera eramateko aukerarik ez dagoelako uste osoa. Kasu horietako askotan, prestakuntza handiko pertsonak izan ohi dira, euren sorburuko herrialdean aurrera ateratzeko egin izan dituzten saialdiak zapuztuta ikusi izan dituztenak.

2000. urtean, afrikarren emigrazioaren %25a prestakuntza maila handiko pertsonek osatutakoa zen: irakaskuntza, medikuntza, ingeniaritza, informatika eta beste hainbat arlotako profesionalak, Estatu Batuetan, Kanadan, Australian edo Europar Batasunean bizimodu erosoago baten bila zenbiltzanak. Kalkuluen arabera, Europan bizi diren 4,7 milioi afrikarretatik, 100.000 baino gehiago kualifikazioaren jabe diren profesionalak dira. Gainera, 63.000 bat pertsonak, unibertsitateko lizentziatu direnek, eta 50.000 exekutibok urtero emigratzen dute Afrikako kontinentetik. Adibide bat jartzearren: Cabo Verden, unibertsitateko ikasketak dituzten 100 pertsona bakoitzetik 67k emigratzen dute.

“Talentuen ihes” honek erabateko eragina du atzean uzten duten herrialdearen garapenean. Hauentzat, giza kapitalaren "ihesak" prestakuntzan egindako inbertsioaren galera dakar berekin, aitzitik, Iparraldeko herrialdeen garapenari eta berrikuntzari mesede egiten diona. Hala, Afrikako herrialdeetako ekonomia pobretuentzat talentuaren deskapitalizazio nabarmena adierazten du horrek. Irakaskuntzan, teknologian, osasunean eta abar prestakuntzaren jabe diren pertsona horiek gabe geratzeak izugarrizko kaltea egiten die, haien premia baitute bizi duten pobreziatik eta geralditik irteteko.

Gauzak horrela, gero eta kezkagarriagoa da arazo hau kontinentearen barruan eta horrexegatik ari dira sortzen gero eta ekimen gehiago halakorik gerta ez dadin. Afrikar Batasunetik ekin eta ekin ari dira hirugarren zikloko hezkuntza hobetzeko premiari erantzun nahian, eta Afrikako herrialdeen artean ikasleen eta irakasleen mugimendua errazteko bideak bilatu nahian lan aukerak zabaltzeko eta ahal den neurrian Afrikakoak ez diren herrialdeetara joan ez daitezen. Ekimen horien artean aipatzekoa da Afrikar Unibertsitate Birtuala, Munduko Bankuak 1997an sortutakoa, eta 17 herrialdetan 24.000 ikasle prestatu dituena.

Dena den, oraindik ere oztopo handiena hauxe da, nola lortu pertsona kualifikatuak Afrikako kontinentera itzultzea. Helburu hori lortzeko berariazko politikak proposatzen dira, profesional horiek itzuli nahi ez duten lanlekuak hobetzera bideratuak (ospitaleak, unibertsitateak, ikerketarako laborategiak), baita Europari eta AEBei bisatuak emateko garaian zurrunak ez izateko eskatzea ere, bertan prestatu diren langile profesionalek eta adituek euren espezializazioa erregulartasunez eguneratu ahal izan dezaten.

Esteka interesgarriak: