Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Ustelkeria politikoa, zigorgabetasuna eta memoria historikoa

Ustelkeria politikoa, zigorgabetasuna eta memoria historikoa

Memoria ez da lehenaldian geratzeko; orainaldia argitu behar digu etorkizuna sortu eta eraiki ahal izateko. Garrantzizkoa da gogoratzea zigorgabetasuna oinarri hartuta ezinezkoa dela benetako demokrazia eta partaidetzazkoa eraikitzea. (Adolfo Pérez Esquivel, Bakearen Nobel Sariduna)

Transparency International (TI) GKEk 2004an landutako txostenaren arabera, Peru zen hirugarren herrialdea munduko ustelkeria politiko handiena zuena. Gainera, Alberto Fujimori izendatu zuten azkeneko 20 urteetako hamar gobernuburu ohi ustelduenetakoa. Lehendakari ohia, 1990-2000 urte bitartean herrialdea gobernatu zuena, Peruko justizia epaitzen ari da gaur egun bere agintaldian giza eskubideak urratu izanagatik.

Txostenak honela definitzen zuen “ustelkeria politikoa”: "Boterea duten aitzindari politikoen aldetik ikusi den gehiegikeria, konfiantza eman zaien horiena, euren onurarako irabaziak jasotzeko, euren boterea edo aberastasuna gehitzea xedetzat hartuta". 28 milioi pertsona dituen herrialde batean, non 9 milioi diren behartsu, askoz ere larriagoa da egoera hori.

Latinoamerikako herrialde askotan prozesu berria da sistema demokratikoa. Hala ere, populazioaren aldetik harrera ona izan duen arren, lehenaldiko diktadura militarrek utzitako ustelkeriaren ondareak hauxe eragin du, benetako demokrazia ez izatea. Sistema judizialaren ahuleziak eta agintariek justiziarekin elkarlanean aritu nahi ez izateak ustelkeria eta zigorgabetasuna areagotzea eragin dute. Democracia eficiente o sociedad decadente bere liburuan, Pablo P. Antolak hauxe utzi du agerian “Hegoamerikako herrialde batean, egindako delitu guztietatik, legeak urratu dituzten %2a bakarrik zigortzen dituzte”.

Zigorgabetasuna oztopo handienetako bat da giza eskubideak garatzeko garaian, giza duintasunarekiko errespetu falta sorrarazi eta bultzatzen duelako. Estatuko organismoen eta instituzio politikoen ustelkeriak eta diru publikoaren bidegabeko eragiltzeak maila guztietan erasotzen dute gizartea ikuspegi ekonomiko, sozial, politiko eta familiarrean.

Herrialde demokratiko bat eraiki behar bada, ezinbestekoa da hiritarren partaidetza. Hala eta guztiz ere, askotan politikariei eta kriminalei zigorrik, ikerketarik eta justiziarik ez ezartzeak etsipen eta pasibotasun sentimenduak eragin izan ditu zenbaitetan biztanle askorengan. Baina, gero eta gehiago dira hiritarren elkarte eta mugimenduak, egia argitzea, memoria berreskuratzea eta biktimak onera ekartzea eskatzen dutenak. Lehenaldia ahaztuz ezinezkoa baita etorkizuna eraikitzea.

Azkeneko hamarkadetan asko dira euren agintaldietan egin dituzten delituengatik zigorrik ezarri ez zaien buruzagiak. Hasiera batean giza eskubideei buruzko arauak Estatuetan bakarrik aplikatu ahal izaten baziren ere, bi mundu gerren ondoren nazioarteko erantzukizun penal indibidualaren printzipioak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen.

Bestalde, Estatuak Jurisdikzio edo Justizia Unibertsalaren printzipioaz baliatu daitezke euren lurraldeetatik kanpo giza eskubideak urratzen direnean ere. Horixe da Augusto Pinochet jeneralaren kasua, 1973an Estatu kolpe baten buru izandakoarena, eta Salvador Allenderen Gobernua suntsitu zuenarena. 1998an epaile espainol batek behin-behineko espetxealdi zigor bat eta nazioarteko harrapaketa agindu bat ezarri zuen mandatari ohiaren aurka, hiritar espainolak Txilen hiltzeagatik akusatuta.

Beraz, zigorgabetasunak izugarrizko ondorio txarrak ditu gizartean, Zuzenbide Estatuaren printzipioak ahultzen dituelako eta garapen soziala eta ekonomikoa oztopatzen dituelako, herrialde askok aurre egin behar izaten dieten arazo larrienetako bat izateaz gainera.

Esteka interesgarriak: