Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Gaixotasuna, mendekotasuna eta familian duten eragina

Gaixotasuna, mendekotasuna eta familian duten eragina

Heriotza ez da zahartzaroarekin iristen, ahanzturarekin baizik. Gabriel García Márquez
  • Nor naiz, ama?
  • Nireetako bat zara.
  • Eta nola dut izena?
  • Ez naiz gogoratzen
Berriro itzali zaio duen argi ahul hori, eta bere mundu nahasira itzuli da. (Pedro Serrano Martínez)

70eko urteetan Alzheimerra ez zen medikuntzako liburuetan agertzen. Neurologiako espezialistek ere ez zuten gaixotasun honen berri. Patologia hau 1906an azaldu zuen lehen aldiz Alois Alzheimer mediku alemanak. 51 urteko emakume bati diagnostikatu zitzaion. Emakume hura koadro kliniko honengatik ospitaleratu zuten: bat-bateko oroimen galtzea, haluzinazioak, desorientazioa denboran eta espazioan eta mintzairaren nahastea. Emakumea hil ondoren, Alzheimer doktoreak haren garuna aztertu zuen, eta neurona kopurua gutxituta zuela ikusi zuen garuneko kortexean.

Hala, orduan arrarotzat hartutako gaixotasuna dementziaren eragile nagusiena zela frogatu ahal izan zen denborarekin. Ezohikoa ez bada ere gaixotasun honen sintomak 50, 40 baita adin gazteagoetan ere ikustea, zalantzarik gabe, adimen gaixotasunak pertsona edadetuek jasaten dituzte neurri handiago batean.

Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuek adierazten dutenez, 2008ko urtarrilean 5.786.088 pertsona zeuden 70 urtetik gorakoak Espainian. Kalkuluen arabera, datorren hamarkadan %19,2ko gehikuntza izango da 64 urtetik gorako adina dutenen taldean. Eta horrek esan nahi du ia milioi bat eta erdi pertsona edadetu gehitu behar zaizkiola populazioari.

Euren buruei “herrialde garatuak” deitzen dieten horietan bizi-itxaropena nabarmen handitu izana hazkunde ekonomikoaren ondorio zuzena da. Gero eta pertsona edadetu gehiago dago eta hortaz ugaldu egin dira baita ere zahartzaroarekin, dementziarekin lotutako gaixotasunak. Aldi berean, gero eta pertsona gehiago bihurtzen ari dira bizi-luzetasunarekin lotutako gaixotasunak dituzten gizakien “zaintzaile”.

Gaixoen kopurua gehitu izanak arazo gehigarri bat adierazten du famili eredu tradizionala gainbeheran dagoen gizarte batean. Aspaldi batean, gizonak mantentzen zuen ekonomikoki famili nukleoa, emakumea etxeaz eta seme-alabak eta aiton-amonak zaintzeaz arduratzen zen bitartean. Emakumea lan-munduan sartzea, dibortzioen eta berriro eratutako familien kopurua handitzea edo guraso bakarreko gero eta familia gehiago egotea bezalako faktoreek zaildu egiten dute, kasu askotan, gaixorik dagoen pertsonak bere familiaren barruan arreta pertsonalizatua jaso ahal izatea.

Mendeko pertsona famili eremuan norbaitek zaindu ahal izango badu ere, ondorio negatibo batzuk dakartza “zaintzaileentzat”, maila pertsonalean eta sozialean. Hala, gaixotasun hauei eta jasaten dituzten pertsonei arreta emateak berekin dakarren kostu ekonomiko handiari “zaintzailearen sindromea” deritzana gehitzen zaio. Senide zaintzaileek arreta jasotzen duenaren gaixotasuna euren bizitza xurgatzen ari delako sentimendua dute. Egunero, erabaki zailei aurre egin behar izaten diete maite duten pertsonaren osasunari eta ongizateari dagokienez, eta sentimendu negatibo ugari izan ohi dituzte: frustrazioa, tristezia, errua, haserrea edo galera sentimendua euren senidearen osasuna okerrera doala ikustean.

Faktore hauek kontuan hartzen baditugu, gaixotasun hauek bai gaixoengan bai “zaintzaileengan” eragiten dituzten giza drama, oinazea eta ahuldura pertsonal eta soziala eta horri guztiari kontsiderazio ekonomikoak gehituta, arazo sozial izugarri baten aurrean gaudela jabetuko gara.

Esteka interesgarriak: