Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Haur soldaduak eta haiek berriro gizarteratzea

Child soldiers and reintegrating them back into society

Gauza asko ikasi nituen. Gizon bat hil nuen gelditzeko esan eta kasurik egin ez zidalako. Gauza bera egin nuen gelditzeko beldurrez zegoen emakume batekin, bere atzetik lasterka joan nintzen eta hil egin nuen. 12 urteko neskatila bat topo egin nuen eta eskurik gabe utzi nion. Operazio honen ondoren bueltan gentozela gizon bat hil nuen bere txabolan. Herrixkan inor bizirik ez uzteko esan ziguten. (14 urteko mutikoa. Iturria: Nazioarteko Amnistia)
Haur soldaduak bikainak dira; inoiz ez dira kexu, ez dute ordainsaririk jasotzea espero eta, hiltzeko eskatzen badiezu, hil egiten dute. (Chadeko Armada Nazionalaren Goi Agintaria)

2000. urtean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Haurren Eskubideen Hitzarmenaren Aukerako Protokoloa onetsi zuen, Gatazka Armatuetan Haurrak Erabiltzea bukatzeko. 100 Estatuk baino gehiagok berretsitako dokumentu horrek debekatu egiten du 18 urtetik beherako adina dutenek edozein talde armatutan edo soldadutzan parte hartzea eta haiek erreklutatzea.

“Haur Soldaduak Erabiltzeari Uzteko Koalizioak” 2008an argitaratutako azkeneko Txosten Globalaren arabera, oraindik ere izugarri handia da adin txikikoen partaidetza gutxienez mundu osoko 86 herrialde eta lurraldetan izaten diren gatazketan. Izan ere, talde armatuek, gobernuetako indarrek eta miliziek legez kontra eta behartuta erreklutatzen dituzte haur horiek, bake garaietan soldadutzarako legalki izen emateaz gainera.

Txostenak erakusten duenez, haurrek gatazka armatuetan parte hartzeari uzteko nazioartean gero eta adostasun eta borondate handiagoa egon arren, errealitatea hauxe da, arazo honek ez duela konponbide errazik ezta berehalakorik ere izango.

Gerra garaian denetatik egiteko balio dute haurrek: borrokarako, janaria prestatzeko, ura garraiatzeko, mezulari eta espioitza lanak egiteko... Kalkuluen arabera, azkeneko hamar urteotan milioi eta erdi haurrek baino gehiagok sufritu izan dituzte halako abusuak. Gehienak pistolak mehatxatuta aterarazi dituzte euren etxeetatik, beste batzuk euren “borondatez” joan dira gerran parte hatzera famili ingurunean bizirauteko inolako aukerarik ez zutelako, askotan gatazkak suntsitutako ingurunea izan ohi delarik.

Haur soldaduak balio handikoak dira erreklutatzen dituztenentzat. Leialak dira, txintik esan gabe betetzen dute agindutakoa, ez diete beldur izaten uzten, erraz ordezkatzeko modukoak dira eta gainera sexu xedeetarako erabili ohi dituzte helduek. Eta arazo hori areagotu egiten da soldaduak neskatilak direnean, bortxaketak eta eraso sexualak etengabe jasaten dituztelako batik bat.

Bizirautearen truke gehiegizkoa da sufritu behar izaten dutena. Eta basakerietatik bizirik irtenda ere, zenbait kasutan sentsibilizaziorik ezak eta beste zenbaitetan traumak bizitza guztirako markatzen dituzte. Gatazka belikoa amaitzen denean, erabat umezurtz eta galduta ikusten dituzte euren buruak, familiarik, etxerik eta ogibiderik gabe.

Herrialde askok, haur horiek berriro gizarteratzeko arazoaren aurka zerbait egiteko asmoz, Haur Soldaduen Desarmea, Desmobilizazioa eta Berrintegrazioa (DDB) lortzeko Programak aurrera eraman izan dituzte. Hala, gerraren bat edo gatazkaren bat amaitzen denean, halako ekimenen bidez haurrak berriro gizarteratzea izaten da helburua, haiei bizi alternatiba bat eskainiz eta euren komunitatean lehengo elkarbizitzari berriro heltzen lagunduz. Hala, haientzat aurrera jarraitzeko bideak hauexek dira: babes psikosoziala, lanbide heziketa eta diru-sarrerak lortzeko proiektuak.

Hala eta guztiz ere, DDBren arazoetako bat da halako esperientziak bizi izan dituzten haur asko beldur izaten direla euren buruak identifikatzeko eskatzen zaienean eta beraz ez dute programetan izen ematen. Ikara ematen die besteen gaitzespenak. Gainera, finantziaziorik ezaren eta plangintza desegokiaren ondorioz ekimen hauen emaitzak ez dira espero bezain onak izan.

Horren haritik, 58 herrialdek sinatu zituzten Parisko Konpromisoak eta jardunbide jakin batzuk zehazteaz gainera munduko gatazka armatuetan erreklutatu edo erabilitako haur eta adingabeko gazteen desarmea, desmobilizazioa eta berrintegrazioa lortzeko orientabideak eskaintzen dituzte. 2007ko otsailean izan zen ministro-konferentzia batean onetsi ziren, UNICEFek eta Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioak antolatutakoan.

Nazioartean ere hartu izan dira aurreneko neurriak adin txikikoak borrokaldietan erabiltzen dituztenei erantzukizun penal indibiduala ezartzeko. 2002an Nazioarteko Gorte Penalaren Estatutua indarrean sartu zen. Testuinguru horretan, Thomas Lubanga, Kongoko Abertzale Batasunaren fundatzaile eta buru, nazioarteko epaitegi horren aurrera eraman dute gerrako krimenengatik akusatuta, 15 urtetik beherako adina dutenak soldadu gisa erabili izanagatik. Epaiketa honek erabateko oihartzuna eta eragina izango du mundu mailan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan bereziki, kontuan izanik herrialde horretan gehiegitan ez zaizkiela zigorrik ezarri izugarrizko krimenen erantzule izan direnei.

Afrikatik kanpo, Europa eta Amerikako herrialde askok moral bikoitza aplikatu ohi dute. Batetik, haur soldaduak erabiltzea kritikatzen dute, eta hala eta guztiz ere adin txikikoak onartzen dituzte euren indar armatuetan. Erresuma Batuan, adibidez, soldadutzarako (borondatez) izena emateko gutxieneko adina 16 urteak dira. Indar Armatuetan 16 urteko haurrak onartzen dituzten Europako beste herrialde batzuk hauek dira: Belgika, Bosnia, Irlanda, Eslovakia eta Suitza.

Esteka interesgarriak: