Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Hondamendi naturalak eta gizakion ezgaitasuna

Hondamendi naturalak eta gizakion ezgaitasuna

“Hondamendia” gizakien kopuru izugarri handi baten heriotzari eta galera material ikaragarriei aipamen egiten dien terminoa da, besteren artean lurrikarek, urakanek, lur irristadurek, uholdeek, deforestazioek, ingurumeneko kutsadurak eta abar eragindakoei, alegia. Ohi denez pentsatu izan da natura dela hondamendi horien eragile nagusia eta 10etik 9 klimarekin zerikusia dutela: Hala ere, Nazioarteko Oxfam erakundeak landutako txostenak dioenez –Hondamendiak berriro aztertzea– askotan gizakiak berak eragiten du fenomeno natural bortitzak mugarik ez duten katastrofe humanitario bihurtzea. Gobernu jakin batzuen pasibotasunak, gestio txarrak eta zoritxarreko erabakiek laguntzen dute askotan arazoa izan litekeena baino askoz ere handiagoa izatea.

Azkeneko bi hamarkadetan klimarekin zerikusia duten hondamendien kopurua lau aldiz ugaldu da, 80ko hamarkadaren hasieran urteko batez beste 120 izatetik gaur egun 500 bat izatera. Hondamendi horiek jasan dituzten pertsonen kopuruak, logikoki handitu egin denak, populazioen migrazio behartuak ekarri ditu berekin, hau da, klimak eragindako okerreko fenomenoen ondorioz lekuz aldatu behar izan duten pertsonak, betidanik bizi izan diren lekua atzean utzi eta bizi-alternatiba baten bila beste lekuren batera joan behar izan dutenak.

Datu horiek guztiek ohartarazten digutenez, halako migrazioek, ingurumen eta klima arazoak bitarteko direla, azkar asko gaindituko dituzte herrialdeek orain dituzten ahalmen eta baliabide ekonomikoak, mende honetako arazo politiko nagusienetakoa bilakatuz. Uholdeek, suteek, lehorteek eta itsas mailaren igoerak milioika pertsona behartuko dituzte planetako beste leku bizigarriago batzuetara mugitzera. Dena den, “errefuxiatu” berri hauek, gatazka belikoengatik lekuz aldatu direnak gainditu dituztenak, oraindik ez dira aintzat hartzen Nazioarteko Laguntzaren helburuetan.

Gaur egun eztabaida ireki bat sortu da, “errefuxiatu” terminoan hondamendi naturalek erasandako pertsonak barne hartu behar ote diren ala ez planteatzen duena, kontuan izanik haiek ere euren sorlekuak atzean utzi behar izan dituztela. NBIPk (Nazio Batuen Ingurumen Programa) honela definitzen ditu errefuxiatuak “aldi baterako edo behin betiko euren ingurunea atzean utzi behar izan duten pertsonak, ingurune hori oso hondatuta geratu delako (naturaren edo gizakien eraginez) eta beraz euren existentziarentzat edota bizi-kalitatearentzat eraso nabarmena izan delako". Ingurunearen hondamenak hauxe dakar berekin "ekosistemaren edozein aldaketa fisiko, kimiko edota biologiko, aldi baterako edo betiko bizitzeko desegoki bihurtzen duena”.

Errefuxiatuei buruzko nazioarteko legeria duela berrogeita hamar urte ezarri zen, Bigarren Mundu Gerrak lekualdatutako pertsona ugari babesteko. Hala ere, gaur egun, biztanleek euren herrialdeetatik ihes egiten dute gerrarekin edo indarkeriarekin batere zerikusirik ez duten beste arrazoi batzuengatik ere –ofizialki aintzat hartzen ez direnak–. Gauzak horrela, kasu askotan, ingurumen arazoengatik errefuxiatutakoek ez dute behar duten babes materialik ezta juridikorik ere jasotzen.

Klima aldaketa dela eta, populazioaren migrazio horien etorkizunari buruzko aurreikuspenak desberdinak izan arren, dirudienez Oxfordeko Unibertsitateko Norman Myers katedradunak egindako kalkulua da onartuena. Bere teoriaren arabera, 2050. urtean, ingurumenak eragindako errefuxiatuen oraingo populazioa hamar bidez handiagoa izango litzateke. NBIPk adierazi duenez, Afrikan bakarrik, 50 milioi ingurumen-errefuxiatu egon liteke 2060an eta kalkuluen arabera, 2080ko hamarkadan, milioika pertsonak jasango dituzte uholdeak urtero itsas maila igo egingo delako. Gainera, migrazio masiboaren ondorio nagusiak hauexek izango dira: krisialdi humanitarioak handitzea, urbanizazioaren azelerazioa eta herrialde askoren garapenaren geldialdia edo atzerakada.

Gainera, klima aldaketa estu lotuta dago pobreziarekin. Dituen ondorio negatiboak baliabide gutxien dituzten herrialdeek jasaten dituzte neurri handiago batean, euren egoera geografikoagatik eta klimaren arriskuak prebenitu, detektatu eta ebaluatzeko duten ezintasunagatik. 2000 eta 2004 urte bitartean halako hondamendiak 262 milioi bat pertsonak jasa zituzten, eta haietatik %98 garapen bidean dauden herrialdeak deitzen zaien horietakoak ziren. Datu gisa, Frantzian, xede metereologikoetarako aurrekontua 88 milioi dolarrekoa da urteko, Etiopian urteko 2 milioikoa den bitartean.

Gehiegitan, nazioarteko komunitatea eta gobernu asko hondamendi edo katastrofe naturalei aurrea hartzeko soluzioak emateko ezintasunagatik edota borondate faltagatik berezi izan dira, baita eraginkor ez izateagatik ere naturari edota klima aldaketari lotutako fenomenoek eragiten dituzten krisialdiei aurre egiteko garaian.

Azkenaldiko kasuetako bat Katrina urakanarena izan da, New Orleansen (Estatu Batuak). Agintarien aurreikuspen gabeziak eta ondoren sortutako egoerari aurre egiteko eta gestionatzeko ezintasunak katastrofe humanitario bat eta aurrekaririk ez zuen politika bat eragin zituen gertaera natural baten ondorioz, eta horrek erabateko utzikeria eta mesfidantza sentsazioa sorrarazi zuen Bushen Administrazioaren aurrean populazio iparramerikarraren aldetik, nazioarteko kritika ugariez gainera. Kalkuluen arabera, Katrina urakanak 75.000 milioi dolarreko kalteak ekarri zituen berarekin, baita 1.836 pertsonaren heriotza ere.

Esteka interesgarriak: