Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Asilo eskubidea

Asilo eskubidea

Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea. (14. artikulua, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala)

Asilo Eskubidea giza eskubide bat da, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta 1951ko Genevako Konbentzioan jasotakoa. Azken honek pertsona errefuxiatuen nazioarteko babes erregimenaren oinarrizko testua biltzen du, bi mundu gerren ondorioak arintzeko Nazio Batuetan onetsitakoa. Bi dira egin dituen ekarpen nagusiak: pertsona errefuxiatuaren definizioa eta ez-itzultzearen printzipioa.

Konbentzioaren arabera hauek dira pertsona errefuxiatuak: arraza, erlijioa, nazionalitatea, gizarte talde jakin bateko kidetasuna edo iritzi politikoak direla eta arrazoi sendoetan oinarrituta jazartzen ari direlako beldur diren pertsonak, euren sorburuko herrialdetik kanpo daudenak eta herrialde horretako babesa jaso ezin dutenak edo -beldur horrek eraginda- babes hori jaso nahi ez dutenak.

Eta ez-itzultzearen printzipioa debeku bat da, Estatuei inposatutakoa, Nazioarteko Eskubidea dela eta euren bizitza edo euren askatasuna mehatxatuta dagoen edozein herrialdetara egotzi edo itzultzekoa, torturak, gizakiaren aurkako tratu txar edo iraingarriak edo dituzten oinarrizko giza eskubideen edozein urraketa larri izateko arriskuan egonez gero.

Pertsonak euren mugaz haraindi lekuz ez aldatzeko ahaleginean, Gobernuak gero eta traba handiagoak jartzen ari dira baita asilo zuzenbidearen prozeduraz baliatzeko garaian ere. Horren ondorioz, gero eta gutxiago dira eurena baino seguruagoa den herrialde batera iristeko helburua lortzen dutenak eta, beraz, urratuta ikusten dituzte dagozkien giza eskubideak.

Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioa (ENBGK) jazarpen edo gatazkengatik lekualdatutako pertsonak babesteaz eta euren arazoentzako epe luzerako konponbideak bultzatzeaz arduratzen da. Erakunde honek nazioartean egiten duen babes lanak arazo horiek erasotako herrialdearen nahiz nazioarteko komunitateko gainerako herrialdeen lankidetza eskatzen du. Eta, mende erdi bat baino gehiago zeregin horretan diharduela kontuan izanik, 60 milioi pertsonari baino gehiagori eman die babesa.

ENBGKren arabera, 2007. urtearen amaieran munduan 67 milioi pertsona zeuden errefuxiatuta eta euren herrialdeetako mugen barruan lekualdatuta. 2007an hauek izan ziren errefuxiatu gehienei harrera egin izan zieten herrialdeak: Pakistan (2 milioi), Siria (1,5 milioi), Iran (963.000), Alemania (578.000), Jordania (500.000), Tanzania (435.000), Txina (300.000), Erresuma Batua (299.000), Chad (294.000) eta Estatu Batuak (281.000).

Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea (CEAR) gobernuz kanpoko erakundea da, 1979an eratua, eta bere zeregina da giza eskubideak babestu eta bultzatzea eta errefuxiatuak, lekualdatutakoak, aberrigabeak eta migranteak diren pertsonen garapen integrala lortzea, nazioarteko babes premia edota baztertuta geratzeko arriskua duten horiena.

Erakunde honek bildutako datuen arabera, 2008an guztira 4.516 pertsonak eskatu zuten asiloa Espainian, 2007an jasotako 7.664 eskariekin alderatuta. Haietatik, 151 pertsonari bakarrik egin zieten harrera errefuxiatu gisa, %5,24ri (126 pertsona) babes osagarria eman zitzaien bitartean. Erakunde honek 1951ko Konbentzioan jasota ez dauden eskaerei harrera egiten die, hau da, ihesaren arrazoia kontuan hartuta euren sorburuko herrialdera itzuliko balira Gobernuak euren bizitza arriskuan egongo litzatekeela ikusten duenean. Nigeria da asilo eskaera gehien jaso duen herrialdea Espainian (808), eta ondoren Kolonbia (752) eta Boli Kosta (500).

Pertsona batek, asilo bila Espainiara iristen denean, bere eskaera aurkeztu behar du administrazioaren aurrean eta dagokion formularioa bete jasaten ari den jazarpenaren arrazoiak xehetasunez azalduz, eta gainera ahalik eta froga gehienak erakutsi behar ditu egoera hori ziurtatzeko. Espainiako Gobernuak, CEAR erakundeak salatzen duenez, erabateko edo ia erabateko froga batekin behartzen ditu euren jazarpena erakustera, Genevako Konbentzioan ezarritakoaren kontra. Kasu guztietan, jarraitu beharreko prozeduraren berri izateko eskubidea du eskatzaileak, baita interpretari bat, idatzizko laguntza eta laguntza medikoa izatekoa ere, behar izanez gero.

Espainian badira Etorkinen Aldi Baterako Egonaldirako Zentro batzuk (CETI) Administrazio Publikoak ezarritakoak. Haiei hasiera batean harrera egiteko sortutakoak dira eta edozein autonomia erkidegora iristen diren etorkinei eta asilo eskatzaileei oinarrizko gizarte zerbitzuak eta prestazioak eskaintzen dizkiete. Zentro horietan egiten duten egonaldia abiapuntu bat da inolako baliabiderik gabe penintsulara iristen direnentzat eta horrexegatik, sei hilabete igaro ondoren, utzi egin behar dute ordura arte egon diren zentroa. Zentro horietan orientazioa eta laguntza ematen zaie, laguntza psikologikoa eta prestakuntza eskainiz, era horretan zentroa uzten dutenean bizimodu berri bati ekin ahal izateko, herrialdean bertan nahiz kanpoan.

Europan, asilo sistema komun bat arautu eta bertara moldatzeko saioan, Espainiako Ministro Kontseiluak asilo eskubidea eta babes subsidiarioa arautzeko Lege Proiektu bat onetsi zuen abenduaren 5ean. Dena den, proiektu honek atzerapauso bat adierazten du Espainiak pertsona errefuxiatuen babesarekin hartua duen konpromisoan.

Besteren artean, dokumentuak, Parlamentuak oraindik onetsi gabeak, asiloa bide diplomatikotik eskatzeko aukera kentzen du, ENBGKren zereginari ere balioa kentzen dio, eta ez du betetzen 3/2007 Lege Organikoaren 29. Xedapen Gehigarriaren agindua, gizon eta emakume arteko berdintasun eraginkorra lortzekoa, euren sorburuko herrialdeetatik ihes egiten duten emakume atzerritarrek asiloa eskatzeko eskubidea onartzen duena, genero arazoengatik jazarpena sufritzeko beldur direnean eta hala sentitzeko frogak daudenean.

Proiektu honek baldintzatu egiten du genero arrazoiengatik asiloa onartzeko aukera sorburuko herrialdean nagusi diren zirkunstantzien arabera, eta ez du aintzat hartzen generoagatiko jazarpena berez kausa gisa. Horrexegatik, erakunde humanitarioek diotenez Espainiak bete egin beharko lituzke pertsona errefuxiatuekin hartuak dituen konpromisoak eta haien duintasuna eta haien eskubideak errespetatu.

Esteka interesgarriak: