Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Israelen finkapenak Palestinako lurralde okupatuetan

Israelen finkapenak Palestinako lurralde okupatuetan

Duela gutxi arte, mende askotako historian erlijio juduaren eta musulmanaren komunitateak elkarrekin bizi izan dira. Bi gizataldeen arteko bake-harremanaren adibideak ugari dira Al-Andalus/Sefaraden. Bi taldeetako biztanleek gizarte anitz baten alde aktiboa eta integratua osatzen zuten, tamalez egun gertatzen denaz bestela.

Egun, israeldar kolonoen 120 etxebizitza-finkapenek okupatzen dituzte Palestinako lurraldeak eta horrek askotariko gatazkak eragin ditu israeldar eta palestinar komunitateen artean, hildako ugari ere tartean.

Israelgo kolonoen Palestinako lurraldeen okupazioak eta eremu okupatuak zedarritzen dituen harresiaren eraikuntzak (hasieran aurreikusitako 700 kilometroen erdia eraiki dute dagoeneko) ondorio suntsigarriak izan dituzte Palestinako herritarrentzat. Israelgo Armadaren errepresio sistematikoa jasan ez ezik, ingurune horietako palestinar biztanleek bestelako egoerak jasan behar dituzte: isolamendua, langabezia-tasa handiagoa eta lurren besterentze gero eta gehiago. Okupatutako populazio horiek gehienek nekazaritzan eta abeltzaintzan jardun dute beti, baina finkapenak direla-eta haien bizimoduak kalte larriak jasan ditu (palestinarren kalkuluen arabera, 100.000 olibondo suntsitu dira).

Egoera hori ikusita, lurralde okupatuetako biztanleak Israelgo Armadaren ekintzen kontra bihurtu dira. Batzuek indarkeria baliatu dute; beste batzuk, berriz, era baketsuan aritu dira, eta haien aldarrikapenek nazioko zein nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen babesa dute, baita Israelgo hainbat herritarrena ere, ez baiteritzete ondo beren gobernuaren erabakiei.

Lurralde okupatu bateko edozein tokitako finkapen legez kanpokotzat hartzen da. NBEren hainbat ebazpenek praktika hori gaitzetsi dute, adibidez, Segurtasun Kontseiluaren 446 ebazpena edo 465 ebazpena (aho batez onartua), finkapenak baliogabetzat joz eta desegiteko eskatuz. NBEren egungo idazkari nagusi Ban Ki-moonek oraindik orain adierazi duenez, “gelditu egin behar dira”.

Aldiz, praktika horiek legez kanpoak diren arren eta nazioarteko presioa gero eta handiagoa den arren, Israelgo Gobernuak ez du bere jarrera aldatu, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk baztertu egin du oraingoz Jerusalem Ekialdeko finkapen berriak eraikitzeko asmoa bertan behera uztearen aukera.

Lurraldeak okupatzeko Israelen estrategia hori 1967an hasi zen, Zazpi Egunen Gerraren ondoren; izan ere, garaile atera ondoren, Israelgo Armadak hiru eremu bereganatu zituen: Zisjordania, Jerusalem Ekialdea eta Golango Gainak. Harrezkero, okupazioa zabaltzen joan zen eta, denboraren poderioz, okupazioko presentzia iraunkorra bihurtu zen, aurkako arabiar biztanleria duela. Egoera horren ondorioz, palestinar nazionalismoa areagotu zen, eta lurralde okupatuen barnean mehatxu berriak sortu, eta epe laburrera soluzio negoziatuaren edozein aukera kaltetu.

Egoera horren ondorioek bere horretan jarraitzen dute egun, eta israeldar eta palestinar herritarren arteko bizikidetza larritzen joan da gaurdaino. Nazioarteko diplomaziak akordioetara heltzeko ahaleginak egin arren eta hildakoen kopuruak urtez urte jarraitu arren, ez dirudi oraingoz gatazka honetarako konponbide baliagarririk dagoenik.