Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Genozidioak

Genozidioak

1994an Ruandak jasandako genozidioa, batez ere hutu-etniako alderdi batzuek tutsien kontra burututakoa, Afrikako historia berriko indarkeria-atal gordinenetako bat izan da. Laku Handien eskualdeari ondorio larriak eragin zizkion: milioi bat hil zirela kalkulatu da.

Giza bizitzetan izandako galerak eta gerra edo populazio baten genozidioak dakartzan ondorio guztiak ez ezik, kasu askotan krimen horiek eta giza eskubideen urraketa masiboak zigorrik gabe joaten dira eta, beraz, biktimei ez zaie justizia egiten, ezta kalte-ordainik ematen ere.

Nazioarteko erantzukizun penalak ezartzeari dagokionez, giza eskubideen urraketa masibo bat genozidiotzat edo gerra edo gizateriaren aurkako krimentzat hartua izan dadin eta, horrenbestez, Nazioarteko Epaitegi Penal batera ad hoc edo Nazioarteko Auzitegi Penalera eramana izan dadin, ezaugarri-sorta bat bildu behar du.

Horrenbestez, genozidioaren kontzeptua NBEren 1948ko Genozidioaren Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Hitzarmenenean agertzen da, eta 1951an sartu zen indarrean. Bertako definizioaren arabera, genozidioa da “nazio-, etnia-, arraza- edo erlijio-talde bat erabat edo zati batean suntsitzeko asmoz egindako ekintzak”. Definizio horretan oinarrituz, Ruandarako Nazioarteko Auzitegi Penala sortu zen (1994), Jugoslavia izandakorako Nazioarteko Auzitegi Penalaren ereduari lotuz (1993).

Bestalde, 1998an Nazioarteko Auzitegi Penala sortzea, bere mugak izan zituen arren, aurrerapauso garrantzitsua izan zen legitimitatez hornitutako nazioarteko erakunde penal bat eratzeko orduan, giza eskubideak masiboki hausten direnean erantzukizun penalak exijitu ahal izateko.

Hala ere, genozidioaren definizioan izandako murrizpenek hizpidea eman dute. Erakunde batzuek nazio-, etnia-, arraza- eta erlijio-taldeen kontra egindako ekintzak soilik aintzat hartzea kritikatu dute eta, aldiz, gizarte- edo politika-arrazoiak kontuan ez hartzea. Genozidioaren Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Hitzarmenaren hasierako zirriborroko genozidioaren definizioak arrazoi horiek aintzat hartu eta baliozkotzat zeuzkan arren, gero erreferentzia hori kendu egin zen bloke komunistaren babesa izateko (SESBek ordezkatuta batez ere); izan ere, uko egin zion adiera horri.

Genozidioaren definizioaren murrizpen horri esker, XX. mendean milioika hildako eragindako gobernu totalitarioak onik atera ziren, eta haien ekintzak ez dira genozidiotzat joak izan. Hor ditugu, esate baterako, Armenia (1915-1923), Stalinen agintaldiko Errusiako krimenak (1929-1953), Pol-Potek Kanbodian eragindakoak (1975-1979) edo, egun, Darfur-en gertatzen den gatazka (Sudan).

Nolanahi ere, genozidiotzat joak izan gabe, arrazoi politikoak direla-eta burututako giza eskubideen urraketa masiboak, adibidez, har daitezke, hartu, gizateriaren kontrako krimentzat, eta nazioarteko delitu izan, Nazioarteko Epaitegi Penalaren Estatutuarekin bat etorriz.