Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Feminizidioa: Ciudad Juarezeko krimenak

Feminizidioa: Ciudad Juarezeko krimenak

Ciudad Juarezek, Estatu Batuekin mugakidea den Mexikoko hiria, emakumeen milatik gora asasinatze erregistratzen ditu duela hamalau urte, datuak iturrien arabera aldatzen diren arren. Kopuru horiek feminizidio katalogatutako fenomenoa islatzen dute, 1992an bi feminista estatubatuarrek (Jill Radford eta Diana Russell) lehenengoz sortutako kontzeptua.

Bi egileek feminizidioa “eragotz daitekeen emakumeen heriotza” definitzen dute, emakumeen kontrako indarkeria-ekintzen ohiko kontzeptuaz haraindi. Marcela Lagarde antropologo eta kongresista mexikarrak bere egin du hitz hori, eta emakumeen kontrako genozidiotzat jotzen du.

Mexikon hasi zen gorpuzten feminizidioaren definizioa, batez ere Mexikoko Errepublikako feminizidio-kasuak instruitzeko eta jazartzeko Batzorde Bereziak kontzeptua ondorengoari erreferentzia egiten ziola ezarri zuenean: “instituzioen hondamendi-testuinguru batean, neskatilak eta emakumeak asasinatu, bahitu eta desagerraraztearen moduko gizateriaren aurkako krimen-multzoa”.

Krimen-olde etengabe honen azalpenerako hainbat teoria agertu dira: Ciudad Juarezeko narkotrafikoko kartelen inplikazioa, prostituzio-sareak, organo-trafikoa edo politika- zein ekonomia-zirkulu garrantzitsuetako gizonak partehartzaile lituzketen sexu- eta heriotza-orgien nahasketa.

Gainera, krimen eta desagerpen horiei lotuta egon daitezkeen beste faktore posible batzuk gehitu beharko genituzke. Estatu Batuen hiri mugakidera milaka etorkin heldu dira, kasu askotan manufaktura-fabriketan (makila direlakoetan) lan egiteko. Horietan, asasinatutako emakume ugari enplegatzen dira, baita indarkeria patriarkala eta desoreka ekonomiko eta soziala gertatzen ere, biktima gehienak bizi eta mugitzen diren testuingurua osatuz. Horregatik, asasinatuen profila emakume gazteak, langileak izatea da, batzuetan umeak ere, eta kolokako egoeran bizi dira; askotan, inork ez du haien desagerpena erreklamatzen, haietako asko Mexikoko beste hiri batzuetatik baitatoz.

Giza Eskubideen Mexikoko Batzordeak (CMDH) emakumeen asasinatzeak eragozteko Gomendio sail bat igorri du 1998tik, baina Mexikoko Estatuak arreta gutxi jarri dio hainbat salaketaren arabera. Izan ere, Mexikoko Gobernuak gaurdaino sortu dituen neurri gutxietako bat Ikerketa Batzorde bat da, baina biktimen senitartekoek eta gaiari buruzko gobernuz kanpoko erakundeek benetan ahalmen oso murritzak dituela adierazi dute.

Emakumeen Kontrako Diskriminazioa suntsitzeko NBEren Batzordeak ondutako txosten batek berretsi egin ditu mugapen horiek. Bertan nabarmendu dutenez, asasinatzeei buruzko ikerketek ezaugarri izan dute “oztopoak, desagertuen bilaketaren atzerapena, froga-faltsutzea, arauz kontrako prozedurak, biktimen amen kontrako presioak, zabarkeria eta polizia-funtzionarioen konplizitatea eta aitorpenak lortzeko torturak”. Hori gutxi balitz bezala, sarritan biktimak gutxietsiak dira, baita kriminalizatuak ere, eta haien familiak jazarriak, justizia erreklamatuz eta arazoa ikusgai eginez herrialdearen irudiaren kontra jotzea leporatuta.

Egoera hori ikusita, arazo horren eraginpeko eta sentsibilizatutako taldeek Mexikoko Gobernu Federalaren eta Giza Eskubideen Batzordearen inplikazio handiago erreklamatu dute, baita hainbat neurri hartzea ere, adibidez, gazte desagertuak bilatzeko ikertzaile-talde bat sortzea, desagerpen behartuaren Kode Penala tipifikatzea, susmagarriei torturapean ateratako deklarazioak kontuan ez hartzea eta gazte desagertuen DNA banku bat sortzea.

Egia esateko, fenomeno hau ez da gelditu; aldiz, heriotza-kopuruek handitzen jarraitzen dute, eta krimen gehienak artean konpondu gabe daude. Egoera hori ikusita, gertaera horiek salatzen dituzten senitartekoek eta GKEek Ciudad Juarezeko feminizidioa tokiaz haraindi doala uste dute, beste herrialde batzuetan ere gertatzen baita, gizateriaren kontrako kontu bihurtzeraino.

Ildo horretan, nazioarteko hainbat erakundek adierazi dute kezka emakumeen kontrako krimen zabalduengatik, adibidez, Europako Kontseiluak, Europako Parlamentuak, baita mundu osoko askotariko parlamentu eta gobernuek ere.