Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Gatazkak elkarrizketaz konpondu

Gatazkak elkarrizketaz konpondu

Afrikar Kongresu Nazionaleko eta Alderdi Nazionaleko kideek eta Hego Afrikako Unibertsitateko irakasle batek osatutako talde batek Somerseten (Britainia Handian) laurogeiko urteen amaieran izandako ezkutuko elkarrizketek Hego Afrikako apartheidaren azkena ekartzen lagundu zuten. Apartheida gobernuko elite zuriak arraza beltzeko biztanle gehienen kontra ezarritako bereizkeriaren aldeko erregimena zen. Zirkunstantzia horrek, inplikatutako partaideen arteko elkarrizketa-prozesuek, baita nazioarteko zein estatu barneko presioek eta gobernuaren aurkako taldeen borrokak ere, arraza beltzeko pertsonen giza eskubideak hamarkadetan ukatu zituen politika-, ekonomia- eta gizarte-sistemari azkena ematen lagundu zuten.

Horrenbestez, 1994an lehenengo hauteskunde demokratikoak deitu zituzten Hego Afrikan eta, horietan, Nelson Mandela aukeratu zuten presidente biztanleria beltzaren eskubideak aldarrikatzearren presondegian 27 urte eman ondoren.

Hego Afrikan bezala, beste herrialde batzuetan ere elkarrizketa-prozesuak eta negoziazioak garatu dira bakea lortzearren edo impassean dauden gatazkak konpontzearren. Kasu batzuetan, indarkeriaren amaierara heltzeko formula horiek ez dute helburua bete, gehienetan prozesu askotan errepikatzen den oztopo-sorta bat dela eta: gatazkako partaideek elkarrizketa edo negoziazioetan aritzeko elkarri legitimitaterik ez aitortzea, desmobilizazio- eta desarme-prozesuko atzerapenak, su-etena urratzearen salaketak eta lehengo akordioen haustura eta mesfidantza.

Bartzelonako UABeko Escola de Cultura de la Paueko zuzendari Vicenç Fisasek adierazi duen bezala, “sarritan elkarrizketa errazten duten eragileek egiten dute porrot, inposatutako bitartekaritzak baitituzte eta gatazkan inplikatutako partaide guztien konfiantzarik ez dutelako”.

Horrenbestez, elkarrizketa-prozesua hasteko orduan, ezin bestekoa da nola aukeratutako mekanismoek hala ordezkatutako partaideek (gobernuak eta talde armatuak zein oposizioko taldeak) elkarren aitortza eta onarpena izatea. Puerto Ricoko Amerikarteko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko katedratiko Luis Mariano Negronek azaldu duenez, gatazka konpontzeko metodoa edozein dela ere, “zuzena, inpartziala eta gardena izan behar da. Prozesuaren emaitzaren eta lortutako akordioen onarpena eta legitimitatea partaideek horiei buruz daukaten konfiantzaren mende daude. Partaideek balioa eta meritua emango diote prozesuari biziorik, irregulartasunik eta gehiegikeriarik ez duela antzematen duten neurrian”.

Esperientziak erakusten duenez, elkarrizketa, egiaren bilaketa, justizia eta biktimen aitortza zein kalte-ordaina dira gatazkak bake iraunkorra lortu eta mantentzeko ezin besteko elementuak.