Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • Kurduak: estaturik gabeko herria

Kurduak: estaturik gabeko herria

Estatu gabeko herriak edo nazioak herriei egotzi ohi zaizkien kultura-, historia- edo identitate-ezaugarriak izan arren estaturik ez daukaten gizataldeak dira.

Herriek libre erabakitzeko duten eskubidea nazioarteko hainbat bitartekotan bildu izan da, adibidez, Nazio Batuen Gutunean (1945), baita Nazio Batuen Erakundearen hainbat itun eta ebazpenetan ere. Espresuki, nola Eskubide Politiko eta Zibilen Nazioarteko Itunean hala Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Itunean (1966) ezartzen denez, «herri guztiek dute aske erabakitzeko eskubidea. Eskubide horren bidez libreki ezartzen dute beren kondizio politikoa eta hornitzen dute halaber beren garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala». Ezartzen dutenez, halaber, «Partaide diren estatuek determinazio librea erabili ahal izatea sustatuko dute, eta eskubide hori errespetatuko dute Nazio Batuen Gutuneko xedapenen arabera».

Beraz, herri bakoitzak bere gobernu-formak erabakitzeko, bere ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena bilatzeko eta libre egituratzeko eskubidean dago koska, kanpoko esku hartzerik gabe eta berdintasun-printzipioarekin bat etorriz. Aldiz, errealitateak erakutsi digunez, sarritan ukatua izan da eskubide hori erabili ahal izatea.

Autodeterminazio-eskubideri lotzeko ezintasunaren adibide dugu herri kurdua. Egun, estaturik gabeko herri handientzat jotzen da, kalkulatzen baita 25 milioitik gora pertsonak osatzen dutela.

Historiari erreparatzen badiogu, antzinako Kurdistanen bizi zen herri kurdua, lurreko zaharrenetako bat da. XIX. mende amaieratik, bere kultura- eta politika-arloko berezitasunari eusteko eta autodeterminazioa eskuratzeko borrokatu da. Lehenengo Mundu Gerraren ondoren, herri kurduak Kurdistan iparraldean estatu kurdu independentea aitortzea lortu zuen Sèvreseko Itunean. Nazioarteko akordio hori, ordea, ez zen inoiz berretsia izan. 1923an Lausanako Ituna onartu zen eta, haren bidez, lurralde kurdua Turkia, Irak, Iran eta Siria artean banandu zuten eta, egun, herri kurduaren gehiengoa herrialde horien jurisdikzioaren pean barreiatuta bizi da.

Herri kurduaren kasua da, beharbada, nazioartean ezagunenetako bat. Dena den, neurri txikiagoan edo handiagoan, bost kontinenteetan daude beren herri-eskubideak aldarrikatzen dituzten gizataldeak. Mendebaldeko Sahara, Kaxmir, Palestina edo Tibeti, batzuk aipatzearren, ukatu egiten zaie nolabaiteko autogobernu-mailarik, beren lurraldea izaterik eta, bertan, determinazio librerako eskubidea erabiltzerik. Eskubide horren aldarrikapena, gehienetan, indarkeriaz ito nahi izan dute eta, ondorioz, atxiloketa eta heriotza ugari gertatu dira.

Jazarpen eta ukapen hori, estaturik gabeko herriak bizi diren herrialdeetako Gobernuen politiketan ez ezik, estatu “ofizialen” biztanleen jarreretan geratu da agerian, arrotz jotzen duten gizatalde batekin batera bizitzea mehatxua omen delakoan. Hizkuntza, ohitura, erlijio, kulturagatik, baita ezaugarri fisikoengatik ere, estaturik gabeko herrietako pertsonek eguneroko bizitzan ondorio kaltegarriak dakarzkien ekonomia- eta gizarte-arloko diskriminazioa pairatu behar dute: bazterketa, lana aurkitzeko edo lanari eusteko zailtasunak, eskubideen urraketa orokorra etab.

Egoera hori ikusita, gutxiengo babesgabeenetako milaka gizakik beste herrialde batzuetan errefuxiatu politiko estatusa eskatzea beste aukerarik ez dute. Estatu ugarik, berriz, uko egiten diote aterpe-eskubidea eskaintzeari, beldur baitira pertsona horiei herri diren aldetik dagozkien eskubideak aitortzen ez dieten beste nazioek errepresalia politiko eta ekonomikoak har ditzaketela.