Ia mende bateko kolonizazioaren ondoren, Espainia Mendebaldeko Saharan autodeterminazio-erreferenduma prestatzen ari zela (1975), Hassan II, jabetuz erreferenduma eginez gero lurraldea independente izango zela, “Martxa Berdea”ren bidez okupatu zuen: Nazioarteko Zuzenbidea hautsi eta, hasiera batean, saharar herriaren behin-behineko errefuxiatu-eremu izango ziren Tindufeko akanpalekuetara (Aljerian) exodoa eragin zuen, bitartean Marokoren hegazkinak bonbardatzen zituztela.
Franko hiltzeko zorian zen eta, bere etorkizun hurbilari buruzko zalantzak bultzatuta, Espainiako Gobernuak bere nazioarteko obligazioei ihes egin zien (horiek lurraldea sahararren edo NBEren eskuetan jartzeko exijitzen zioten); horrenbestez, Marokori eta Mauritaniari eman zien (Madrilgo hiru aldeko akordioak). Aldiz, lehenago Nazioarteko Justizia Epaitegiak argi eta garbi ezarri zuen Estatu horiek lurraldearen gainean batere soberaniarik ez zutela eta gatazka sahararrek bakarrik parte hartutako autodeterminazio-erreferendumaren bidez besterik ezin zela konpondu.
Akordio horiek sinatzearen ondorioz, Frente POLISARIOAk, NBEk Saharako herriaren ordezkari bakar eta legitimotzat aitortua, askapen nazionaleko gerra bati heldu zion, eta Mauritania gatazkatik atzera egitea lortu (1979), baita Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aitortzea eta bake-plan bat negoziatzera Maroko behartzea ere, galera handia baitzen bere ekonomiarentzat gerra-gatazkari eustea.
1991ko irailaren 6an, su-etena sartu zen indarrean, eta hori izan zen Marokok eta Fronte Polisarioak hitzartutako Konponbide Plana (1988) aplikatzeko abiapuntua, sei hilen buruan autodeterminazio-erreferendum batez burutu beharrekoa. Planak ezarri zuenez, herritarrei bi aukera proposatuko zitzaizkien kontsultan: lurraldearen independentzia ala Marokon integratzea, eta erreferendumen parte hartu beharreko pertsonen errolda zehaztasunez mugatzen zen.
Aldiz, Aljeriako hauteskundeen lehenengo itzulian alderdi integrista batek (FISek) garaipena eskuratu eta ondorengo gerra zibila zela eta (1992), Marokoko Gobernuak erreferendumari buruzko bere jarrera aldatu egin zuen, barne-gatazkak Aljeriak Saharako herriari ematen zion babesa kolokan jarriko zuelakoan. Zorionez, ordea, ez zen horrelakorik gertatu.
Ordudanik, Marokoko Gobernuak bake-plana bere helburu teorikorako baino (erreferenduma egiteko) mugagabe gerotik gerora ibiltzeko erabiltzen du. Hala ere, bozkatzaileen identifikazio-prozesua hondatzeko Marokok jarritako ezin konta ahala oztopoen gainetik (hor dago, hain zuzen, bake-prozesuaren koska), Nazio Batuek erreferendumerako behin betiko errolda ontzea lortu zuten, baina Marokok orduan bake-planean atzera egitea erabaki zuen (2000), NBEri partziala izatea leporatuz eta bere benetako asmoak zein ziren agerian utziz.
Bake-plana utziz, Kofi Annanek James Baker-i eman zion bi aldeen arteko konponbide “onargarri” bat bilatzeko mandatua, Nazioarteko Zuzenbidetik bazterrera. “Baker Plana”k (2003) bost urteko autonomia mugatuaren ondoren lurraldearen etorkizuna erabakitzeko autodeterminazio-erreferenduma burutzea aurreikusten zuen, NBEren erroldan zehaztutako sahararren… eta kolono marokoarren partaidetzaz. Ordurako, berriz, kolonoak sahararren hirukoitza ziren; Fronte POLISARIOAk onartu egin zuen, baina Marokok baztertu. Errefus horren arrazoia NBEren Idazkari Nagusiaren Ordezkari Bereziak azaldu zuen: Marokoko Gobernua ez da bere herritarren (kolonoen) botoaz fio.
Segurtasun Kontseiluak konponbide zehatz bat ezartzeko ahalmena dauka, eta Konponbide Planak, aldeek askatasunez negoziatu ez ezik, haren oniritzia zeukan, baina Marokoren aliatu baldintzagabea den Frantziaren betoak eragotzi egin du gaurdaino konponbide hori. Horrenbestez, bake-prozesua irteera gabeko atakan dago.
Bake-prozesuko hogeita hamabost urteren ondoren, SEAD (Saharako Errep. Arabiar Demokratikoa) laurogeitik gora estatuk aitortu dute eta Afrikako Batasuneko eskubide osoko kidea da. Nazio Batuek argi eta garbi adierazi dute saharar herriak determinazio libreko bere eskubidea erabiliz konpondu behar dela gatazka. Aldiz, beste alde batera begiratuz, Europar Batasunak, munduari demokrazia-lezioak emanez diharduen bitartean, legez kanpo negoziatzen du Marokorekin lurraldeko natur baliabideen ustiapena (arrantza, fosfatoak,…).
Saharar herria, ordea, erditik zatituta dago: beren lurrean, okupazio basatia eta errepresio militarra pairatzen dutenak eta, ordudanik, Algeriako errefuxiatu-eremuetan laguntza humanitarioari esker bizirauten dutenak.
El problema filmak iritzi interesatuek eta denboraren joanak estaltzen duten gatazkaren benetako jatorriaren hautsa garbitu nahi du, eta ikusleari bere kabuz irizteko gako nagusiak eman.
Juan Soroeta
Nazioarteko Zuzenbide Publikoko Irakaslea
UPV/EHU